VILLE D'HENDAYE » Gure Hiria » Hizkuntza politika

Hizkuntza politika

250_VueAerienne

.

.

Euskara denon ondarea dugu, baita partekatzen ahal dugun aberastasuna eta elkarren ezagutzeko manera ere.

Bere desagertzearen kontra borrokatzeko xedearekin, Hendaiako Herriko Etxeak elebitasun orekatu baten aldeko politika dinamikoa eramaten du, sentsibilitate ezberdinak errespetatuz.

.

HIZKUNTZA POLITIKAREN URRATS NAGUSIAK HENDAIAN

2010: Euskararen Erakunde Publikoarekiko hitzarmena

2010ean, bere hizkuntza politika garatzen jarraitzeko eta euskararen aldeko engaiamendua baieztatzeko xedearekin, Hendaiako Herriko Etxeak hitzarmen bat izenpetu zuen Euskararen Erakunde Publikoarekin. Horrek arlo anitz sartzen ditu barne, hala nola herriko langileen formakuntza, komunikazioa, seinaletza, haurtzaroa eta gazteria, kultur programazioa, mugaz gaindiko harremanak edota euskararen alde ari diren elkarte eta erakundeen laguntzea. Engaiamendu horien truke, Euskararen Erakunde Publikoak teknikoki eta diruz laguntzen du Hendaiako Udala.

Horrez gain, beste hiru alderdiko hitzarmen bat izenpetu da Euskal Herri Hegoaldeko Herri Elkargoarekin eta EEPrekin.

2008 : Lehen Euskara Auzapezorde postuaren sorkuntza

2005: Euskara teknikariaren kontratatzea

2005eko urtarrilean, Hendaiako Udalak sortu zuen lehen Euskara teknikari postua Iparraldeko Herriko Etxe batean. EGA agiria duelarik, Elsa Spizzichino-k du postu hori betetzen. Euskara zerbitzua da euskararen erabilpenaren sostengatze eta emendatze politikaren obratzeaz arduratzen.

2004Lehen Euskara zinegotzi postuaren sorkuntza

2003: Euskal Konfederazioarekiko hitzarmenaren izenpetzea

2003ko apirilaren 23an, Hendaiak Euskal Konfederazioarekiko hitzarmena izenpetu zuen. Hitzarmen horren helburu nagusia euskararen erabilpena Herriko Etxean eta Udal zerbitzuetan sustengatzea eta emendatzea da. Ipar Euskal Herri osoko Herriko Etxeek euskararen aldeko konpromisoen hartzera bultzatzeko asmoz, erakunde horrek gero eta hitzarmen gehiago izenpearazi die udalei, bakoitzaren errealitatea eta beharrak kontutan hartuz.

Gaur egun, Euskararen Erakunde Publikoa da eskuduna, jadanik izenpetuak diren hitzarmenen segimendua egiteko eta konpromiso berrien izenpearazteko.

Hitzarmen horren ondorioz, Hendaiako Herriko Etxeak neurri konkretu batzuk hartu ditu, hala nola:

* seinaletza elebiduna ezartzen segitzea,
* dokumentu ofizial batzuk pixka naka itzultzea,

* euskararen sartzea udal aldizkarian,

* euskara kontutan hartzea langile batzuen kontratatzeko orduan,

* euskarazko ezkontzak, baita ere herriko langileen formakuntza.

1995: Euskara Batzordearen sorkuntza ofiziala Herriko Kontseiluaren barnean

Batzorde horren lehen ekimena azterketa soziolinguistikoa martxan jartzea izan zen. Azterlan horren emaitza nagusiak hauexek dira: Hendaiako biztanleriaren %19 euskalduna da (kopuru hau %31raino igotzen da 15 urte pekoen artean) eta hendaiarren %82k iritzi baikorra dute euskararen aldeko ekintzen antolatzeari buruz.

Ikerketa horren ondorioz, Hendaiako Herriko Etxearen hizkuntza-politikaren bi ardatz nagusiak horrelaxe definituak izan ziren:

* euskararen presentzia indartzea paisaia linguistikoan eta publikoari eskainitako zerbitzuetan ;

* haurrei euskaraz hazteko aukera ematea eskolan eta jarduera ludikoetan.

Orain arte martxan jarri izan diren ekintzak, baita proiektatuak direnak ere, bi helburu horietan oinarritzen dira.

1989: Irakaskuntza elebidunaren aldeko engaiamendua

1989an, Herriko Etxeak Ikastolaren eraikuntza finantzatu zuen, eta gero, 2005ean, bere handitzea, hots oro har 1.270.000 euroko gastua. Udalak eskola elebidunen sorkuntza bultzatu zuen ere bai. Gaur egun, Hendaiako ikasleen erdia baino gehiagok euskarazko irakaskuntza segitzen du (*Ikastola: euskarazko irakaskuntza eta Ikas-bi: klase elebidunak, irakaskuntza frantsesez eta euskaraz berdintasunean).

1983: Euskararen aldeko aurrekontua

1983an, Hendaiako Herriko Etxeak bere aurrekontuaren %1 euskararen alde erabiltzea erabaki zuen. Garai hartan 190.000 libera ziren, eta 2004an 140.000 €.